Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hassel, Odd

Novergiar kimikaria (Christiania, egun Oslo, 1897 - Christiania, egun Oslo, 1981). Osloko Unibertsitatean gradua lortu ondoren, Alemaniara joan zen 1922an, eta Munich eta Berlineko unibertsitateetan ere aritu zen. 1925ean Osloko Unibertsitatera itzuli zen, eskolak ematera, eta 1934-1964 bitartean unibertsitate horretako kimika saileko zuzendari izan zen. Kimikako Nobel saria jaso zuen 1969an, Derek Bartonekin batera, erreakzio kimikoak eta molekulen hiru dimentsioko itxura lotzen zituen ikerketengatik. Lan hori garrantzi handikoa izan zen atomoak molekulan nola dauden antolatuta jakiteko, eta antolaketa horrek kimika portaeran duen eragina ezagutzeko. 1930etik aurrera molekulen egitura aztertzen hasi zen, batez ere cyclohexane-rena. Hasselek elektroi difrakzioa eta gisa horretako tenikak erabili zituen horretarako: teknika horren bidez zientzialariek elektroi sorta bat igaroarazten dute gai batean zehar, eta gaiaren egitura atomikoa aztertzen dute, gaian zehar igaroarazitako sortan gertatu diren aldaketen arabera. Hasselek cyclohexane-rekin lotutako gaien egitura zehaztu zuen, eta molekula horien balizko konformazioak (antolaketa espazioan) argitu zituen. 1934an Kristallchemie (Kristal kimika) argitaratu zuen.