Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

haren

(Arab. harim). iz. Mahomatar herrietan, emakumeen gela edo aretoa. v Familiako emakumeentzat bereizita dagoen etxeko partea da harena. Etxeetan harenak izatea gehienetan musulmanen ohituratzat hartu izan bada ere, Sortalde hurbileko antzinako zibilizazioetan ere baziren, eta garai hartako gizartean eginkizun bereziak zituzten emakumezkoen segurtasun gelak ziren. Emakumeak kanpoko bizitzatik ezkutatzeko berrikuntza, berriz, musulmanek ekarri zuten. Islama ezagutu aurreko Asiriako, Persiako eta Egiptoko errege gorteetan ere izan ziren harenik, agintariaren emazteek, emazteordeek, zerbitzari emeek eta eunukoek osatuak. Haren horiek zenbait garaitan eragin handia izan zuten politikan eta gizarteko beste zereginetan. Arabiar herrietako etxe aberats guztietan haren handiak izaten ziren XX. mendearen hasieran; XX. mendeko bigarren erdialderako, ordea, ohitura zaharren zaleenak ziren etxeetan besterik ez zuten iraun. Turkian 1926an errepublikak poligamia debekatu zuen, eta harrezkero harenak gutxitu egin ziren bertan.