Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

harea

iz. Hondarra, kuartzo ale xeheen multzoa. v Geol. Hare(a)-lurra. Hondar lurra, buztin baino harea gehiago duena. v Kuartzoz osatutako harrietatik banandutako partikula multzoa izaten da normalean harea. Partikula horien diametroa 2 eta 1/16 mm artekoa izan ohi da. Kuartzoaz gainera, beste osagai batzuk ere proportzio handian eduki ditzake hareak: burdina oxidoa (hareari kolore gorrixka ematen diona), kare-haitza, buztina eta abar. Harea mota bakoitzak erabilpen bereziak izaten ditu. Kuartzo hutsez osatuak daudenak, esate baterako, beira eta portzelanak egiteko erabiltzen dira; buztina dutenak moldeak egiteko; gai ez organiko gutxi eta kuartzo asko dutenak eraikuntzarako (batez ere hormigoia egiteko) eta abar. Harrobien ustiapenaren bidez lortzen dira. v Harea higikorra. Harea hezea, itsaspen gutxikoa. Harea higikorrean sartzen dena hondora joan daiteke. v Harea ekaitza. Haize indartsu batek eraginda gertatzen den harea garraioa. Sarritan gertatzen da basamortuetan. v Petrografian bi esanahi ditu hareak: alde batetik, partikula dietrikoak izendatzeko erabiltzen da, eta bestetik, jatorri modernoa duten sedimentuak izendatzeko.