Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hamburger, Jean

Frantses fisikaria (Paris, 1909 - Paris, 1992). Nefrologiaren aitzindaria, eta Nefrologiako Nazioarteko Elkartearen sortzailea eta lehendakaria 1960-1963 bitartean. Natur zientzietako ikasketak egin zituen, Sorbonan, eta medikuntzakoak gero. 1930-1940 bitartean zenbait azterketa kliniko egin zituen Parisko erietxeetan: zaintza metodo berriak saiatu zituen, elektrolito gorabeheren eta giltzurrunetako gaitzen arteko loturak aztertu zituen, eta giltzurrun artifiziala asmatzeko lanak gainbegiratu zituen. 1952an Hamburgerren taldeak giltzurrun bat txertatu zuen, eta hartzailea bizi izan zen denbora garrantzi handikoa gertatu zen histobateragarritasuna aztertzeko. Aurrerago, giltzurrunaren histologia eta immunologiari buruzko azterketa sakonak egin zituen, eta artikulu eta liburu asko idatzi zituen horren gainean. 1962an Hamburgerren taldeak giltzurruna arrakastaz txertatzea lortu zuen. Frantzian egiten zen lehen organo txertaketa zen. Hurrengo urtean hildako baten gorputzeko organoaren txertaketa arrakastaz amaitzea lortu zuten. Hamburgerrek Ohorezko Legioaren saria jaso zuen, eta Merituaren Ordenarena. Txertaketarako Nazioarteko Elkartearen lehendakari izan zen 1968-1970 bitartean, eta Medikuntza Akademia Nazionaleko kide, besteak beste. 1991n Frantziako Zientzien Akademiako lehendakari izendatu zuten.