Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hainaut

Frantziaren eta Belgikaren arteko mugaren bi aldeetara dagoen antzinako lurraldea. Sambre eta Escaut ibaiak igarotzen dira Hainautetik. Haine-tik, Escauten ibaiadarretik, datorkio izena. v Historia. IX. mendean Hainaut konderri gisa antolatu zen. XI. mendean Flandesi loturik egon zenez, gatazka iturri bilakatu zen, harik eta San Luisen bitartekotzari esker Hainaut Avesnes etxeak eta Flandes Dampierretarrek eskuperatu zuten arte (1246). Habsburgotarrek hartu zuten (1482), eta Filipe II.ak Espainiako koroarentzat hartu zuen (1556). Pirinioetako itunak (1659) eta Nimega-koak (1678) Frantziaren esku utzi zuten Hainaut-eko hegoaldea. Austriaren mende gelditu zen partea, 1814an Herbehereen mende gelditu zen, eta 1830ean Belgikako probintzia bat osatu zuen. v Belgikako Hainaut. (Neerl. Henegouwen) Belgika hegoaldeko probintzia. 3.790 km2; 1.282.000 biztanle (1985). Hizkuntza: frantsesa. Hiriburua: Mons. Flandesko zabalditik Ardenetako goi-ordokiraino hedatzen da Hainaut, Escaut eta Dendre ibaien artean. Laborantza intentsiboa da nagusi, Ardenetako aldean izan ezik: lihoa, tabakoa, azukre erremolatxa. Abere hazkuntza: behiak, zaldiak, zerriak. Oihalgintza. Siderurgia. Harri-ikatzaren ustiaketaren krisiak industria motak ugaritzea ekarri du: aluminioaren metalurgia, industria kimikoak, material elektrikoa, beiragintza, zeramika. v Frantziako Hainaut. Goi-ordokiez eta haranez osatua da. Nekazaritza lurrak badira ere, industriak ere garrantzi handia du: harri-ikatza, siderurgia, metalurgia, oihalgintza, kimika industriak. Hiri nagusiak: Valenciennes eta Maubeuge.