Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Haile Selassie

Etiopiako enperadorea (Harar, 1892 - Addis Abeba, 1975). Tafari Makkon ras-aren semea zen. Haren izeba Zauditu enperadorearen ondorengo eta enperadoreorde izendatu zuten (1917). Negus titulua lortu (1928) eta, izeba hil zenean, koroatu zuten, Haile Selassie izenarekin (1930). Etiopia Nazioen Elkartean sartu zuen (1923) eta esklabotasuna galarazi (1924). Italiarekiko independentzia ekonomikoa eskatu zuen eta italiarrak Etiopian indarrez sartu zirenean (1935) lehenbizi Djibuti-ra eta gero Ingalaterrara ihes egin behar izan zuen. Britainiarren erasoaren ondorioz, 1941ean berriro Addis Abebara sartzeko modua izan zuen. 1974an, haren aginte aldian izan ziren goseteak zirela eta, armadak aginpidetik kendu eta kartzelara sartu zuten.