Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hafiz (Xams al-Din Muhammad)

(Eusk. “Korana buruz dakiena”). Persiar olerkari lirikoa (Xiraz, 1320 inguruan - Xiraz, 1389 inguruan). Gaztetan teologia eta arabiar hizkuntza eta literatura ikasi ondoren, gai horiek eta Koranaren exegesia irakatsi zituen Xirazeko madrasa batean (Hafiz: “Korana buruz dakiena”). Bertako gortearen babesa izan zuen eta Irango beste printzeek deitu arren, ia ez zen bere sorterritik irten. Gaztetandik idatzi zuen poesia eta haren lanak (Diwan, 1368) erabateko onespena izan zuen. Poesia molde askotan taxutu zuen bere obra. Gazal (amodiozko poesia) delakoan gailendu zen bereziki, eta islamiar poesiako adibiderik ederrenetakoak eman zituen molde hartan. Ardoari eta edateari eskainitako poemak, mistizismo sakonekoak eta esoterismoz beterikoak idatzi zituen. Mendebaleko adituen ustez, Hafizen poesia persiar literaturaren gailurra da, ekialdean hain estimu handirik iritsi ez badu ere.