Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Habermas, Jürgen

Alemaniar filosofo eta soziologoa (Düsseldorf, 1929). Th. W. Adornoren laguntzailea izan zen irakasle lanetan 1956-59 bitartean. 1961etik 1964ra Heidelberg-eko unibertsitateko irakaslea izan zen eta 1964-70 bitartean Frankfurt-eko unibertsitateko filosofia eta soziologia irakaslea. 1971 urtetik aurrera Stanberg-eko Max Planck institutuko zuzendaria da. Frankfurteko eskola deritzonaren jarraitzaile nagusietako bat da. Bere iritziz, positibismoa eta ikerkuntza zein zientzia modernoa ez dira inondik ere objektiboak. Habermasek dioenez, gizartearen teknologizatzeak eta burokraziaren hazkundeak betikotu egin dituzte estatuaren erakundeak, eta herritarrak politikatik urrundu. Hori dela-eta, arrazoia eta zientzia gehiago dira mendekotasun tresna burujabetza lortzeko lanabes baino, eta arrazionaltasun “teknologikoari” arrazionaltasun “diskurtsiboa” jarri behar zaio aurrez aurre. Hauek ditu obra aipagarrienak: Iritzi publikoaren historia eta kritika (1962), Teoria eta praxia (1963), Zientzia sozialen logika (1967), Ezagutza eta interesa (1968), Zientzia eta teknika ideologia gisara (1968), Materialismo historikoaren berregituraketa (1976), Morala eta komunikazioa (1983), Eztabaidaren etikaz (1991).