Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Haber, Fritz

Alemaniar kimikaria (Breslau, 1868 - Basilea, 1934). Termodinamika kimikoaren oinarriak aplikatuz, amoniakoaren sintesi industrialerako prozedura lortu zuen, horretarako katalizatzaileak eta presio handiak erabiliz (1906). Born-ekin batera, ziklo termodinamikoaren kontzeptua azaldu zuen (1919). Kimikako Nobel saria (1918). v Haber-Bosch-en prozesua. Kim. Amoniakoa, industrian erabili ahal izateko, sintesi bidez lortzeko asmatu zen lehen metodoa. 1912an ezagutarazi zuten Fritz Haber eta Carl Bosch kimikari alemaniarrek. Ur lurrunak (airea ere badela) koke beroarekin edo gas naturalarekin erreakzionatzean hidrogenoa, karbono monoxidoa, nitrogenoa eta karbono dioxidoa dituen gas nahasketa bat lortzen da. Gas nahasketa hori 500° C-an dagoen katalizatzaile baten gainetik pasarazten da CO gasa eta ura CO2 eta hidrogeno bihurtzeko; CO2 guztia kendu eta hidrogenoa eta nitrogenoa 3:1 proportzioan uzten dira. Hidrogenoak eta nitrogenoak tenperatura eta presio handietan erreakzionatzen dute, eta amoniakoa lortzen da horrela.