Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Guadalupe

Antilla frantsesetako uharte handiena, Antilla Txikietako uhartedian. Marie-Galante, la Désirade, Les Saintes, Saint-Barthélemy eta Saint-Martin-go zati frantsesarekin departamendu bakarra osatzen du. 1.709 km2 eta 328.400 biztanle. Hiriburua: Basse-Terre. Guadalupe bi uhartez osatua dago: Basse-Terre eta Grande-Terre. Basse-Terre sumendi jatorrikoa da, eta garaiena (La Soufrière, 1.467 m). Oihan beltzez estalia dago. Grande-Terre aldiz ordokia da, eta abeltzaintza da nagusi bertan. Klima beroa da eta euria oso ugaria da; zikloiak sarri jotzen du. Ekonomiaren oinarria nekazaritza da; azukre-kanabera da (lurraren % 50), eta azukrea eta rona esportatzen dira; banana, kafea, kakaoa eta bainila ematen ditu. Biztanle gehienak beltzak eta mulatoak dira. Industria faltak emigrazioa bultzatu du. v Historia. Kristobal Kolonek aurkitu zuen 1493an, eta Richelieuren eraginez lurralde frantses bihurtu zen 1635ean; bertako indiarrei lurrak kendu eta kolonoei eman zitzaizkien 1658an. XVII. mende bukaeran ingelesen esku gelditu zen, eta Afrikatik eramandako esklaboen askatasuna iritsi zenean langileak Indiatik ekarri zituzten ingelesek. Kolono frantsesen eta ingelesen arteko borrokek luzaz iraun zuten. Inperioa erori zenean (1815) ingelesek berriro hartu bazuten ere, 1816an azkenik frantsesen mendean gelditu zen. Esklabotasuna 1848an desagertu zen. Martinika bezala, departamendu bihurtu zen 1946an.