Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Griffith, David Wark

Estatu Batuetako zinemagilea (Crestwood, Kentucky, 1875 - Hollywood, 1945). Banakuntzarako Gerran pobretu zen familia batean jaioa (aita, sendagilea, komandante izan zen hegotarren armadan), antzerki idazle gisa hasi zen lanean; ondoren antzezle eta eszena antolatzaile izan zen, azkenik zinema zuzendaritzan hasi zen arte The adventures of Dollie (1908, Dollieren abenturak) film laburrarekin. Zinemako hizkera eta teknika erabat berritu zituen: Griffith-ek asmatu zuen lehen planoa, travelling-a, atzera bidea, etab. 1914an egin zuen lehen film luzea, Judith of Bethulia izenburua duena. 1915ean The birth of a nation (Nazio baten jaiotza) egin zuen, Banakuntzarako Gerrari buruz. Urte bete geroago bere lan nagusia egin zuen, Intolerance: garai ezberdinetan girotutako lau kontakizun lotzen ditu bertan. 1919an, Chaplinekin, Pickford-ekin eta Fairbanks-ekin batera United Artists produkzio enpresa sortu zuen. Zinema ahostunarekin batera etorri zen Griffith-en gainbehera ere. Beste film batzuen izenak: The Battle of the sexes (1914, Sexuen borroka), The escape (1914, Ihesa), Hearts of the world (1918, Munduko bihotzak) eta America (1924).