Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Grieg, Edward Hagerup

Norvegiako musikaria (Bergen, 1843 - Bergen, 1907). Leipzigen egin zituen ikasketak; haien ondorioz Alemaniako musika erromantikoarekiko etsaigoa sortu zitzaion. Bestalde, R. Nordraak musikariak Norvegiako herri doinuekiko zaletasuna sortu zion. Handik aurrera bere aberriko gizonengan, izadian eta folklorean bilatu zuen iturburua. Liszt eta Wagner maisutzat hartu zituen, eta H. Ibsen eta B. Bjørnson-ekin lan egin zuen. Pianista eta orkestra zuzendari izan zen, eta Europa guztian zehar interpretatu zituen bere obrak. Haren lanak dira Pieza lirikoak pianorako (1867-1901), Norvegiako dantzak, ganbera musika (Sonatak biolin eta biolontxelorako; Harirako kuartetoa), musika sinfonikoa (Udazkenean, obertura orkestrarako), antzerkirako musika (Ibsenen Peer Gynt, 1875; Bjørsonen Sigurd Jorsalfar), eta 125 lieder pianoz eta orkestraz lagundurik abesteko (1864-1898). Grieg hartu ohi da Norvegiako nazio musikaren sortzailetzat.