Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Grande Covián, Francisco

Espainiar zientzialaria (Asturias, 1909 - Madril, 1995). Metabolismoaz eta diabetesaz egindako ikerketa biokimikoengatik ezaguna. Medikuntza ikasketak egin zituen, Madrilgo Unibertsitatean. Ikasketak amaituta (1932an lortu zuen doktoregoa), Europako zenbait zentrotan lan egin zuen, Danimarkan, Suedian eta Londresen batez ere. 1935ean, Madrilgo Unibertsitateko fisiologia katedraduna izendatu zuten, eta 1950ean, Zaragozako Unibertsitateko fisiologia eta biokimika katedraduna. Estatu Batuetan, Minnesotako Unibertsitatean irakasle izan zen, eta Minneapolisko erietxe baten zuzendari. Bihotzari eta diabetesari buruzko lan jakingarriak asko egin ditu. Gizakiaren elikaduran aditua zen, eta oso gogor egin zuen barazkijaleen, makrobiotikoen eta argaltzeko dieten kontra, bitamina urrikoak izateagatik. Aldiz, Mediterraneoko dietaren eta oliba olioaren defendatzaile sutsua zen, dieta horrek oso ondorio onuragarriak baititu odolaren kolesterol tasetan eta bihotzeko eritasunetan. Idatzi zituen lanen artean, aipagarriak dira Nutrición y salud (Elikadura eta osasuna) eta Reflexiones sobre nutrición humana (Gizakiaren elikadurari buruzko gogoetak).