Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gorteak, Nafarroa Behereko

Nafarroako Gorteetara biltzen ziren gaur egungo Nafarroa Behereko hiru estatuetako ordezkariak. Bi erakunde molde bereizi ziren Nafarroa Beherean historian zehar: gaur egungo Nafarroa Beherea osatu zuten lurralde bakoitzeko Gorte Nagusiak eta Nafarroa Behereko Gorteak edo Estatuak. v Lurraldeetako Gorte Nagusiak. XIII. mendea arte Lapurdiko bizkondeen mendean egon ziren lurralde txiki batzuek osatu zuten geroago Nafarroa Beherea. Zazpi lurralde nagusi bereizten ziren: Garazi, Donibaneko hiria nagusi; Baigorri, gaur egungo Baigorri, Orzaize izan ezik; Orzaize, Orzaize eta Arrosako herriak; Ostibarreko lurraldea; Irisarri, Iholdi eta Armendaritze; Arbela edo Arberoa, eta Amikuze. Garruze, Donapaleu, Larzabale, Donibane Garazi eta Bastida ziren Nafarroa Behereko hiriak. Baziren baroi-herriak ere: Landibarre eta Behorlegi. Lurralde guzti hauetan biltzen ziren Gorte Nagusiak; herri bakoitzeko biltzarren eta erreinu osoko estatuen arteko erakunde politikoa ziren. 1611ko Foru Berriak berretsi zuen herri eta lurralde bakoitzeko biztanleek Gorte Nagusietara biltzeko zuten eskubidea. v Nafarroa Behereko Estatuak. 1523an bildu ziren lehenengoz Nafarroa Behereko Gorteak edo Estatuak, Nafarroa Garaiko Gorteetatik berex. Honela banatzen zen estatuetako ordezkaritza: aitonen semeak (100-150 etxe nobletako ordezkariak), elizako hierarkia (Baiona eta Akizeko apezpikuak, Garaziko artzapezpikua, Haranbeltz, Utziat eta Donapaleuko prioreak) eta burgesak (hirietako hogeita sei ordezkari). 1611. urtean idatzi zen Nafarroa Behereko Foru Berria (Fors et coutumes deu Royaume de Navarre deça-ports, 1611. urtean idatzia eta 1644an argitara emana) eta 1620. urtean bildu ziren errege bakar batera Frantziako eta Nafarroako koroak. 1632. urtean saiatu zen Luis XIII.a erregea Nafarroa Behereko Gorteak edo Estatuak deuseztatzen. Ez zuen horrelakorik lortu, baina izugarri ahuldu ziren handik aurrera Nafarroa Behereko erakundeak eta gero eta nabarmenago hasi ziren noble frantsesak politika eta ekonomia eremu guztietan agintzen. 1789. urtean, Parisko Biltzar Konstituziogileak deuseztatu zituen Nafarroa Behereko Gorteak Lapurdin eta Zuberoan bezala.