Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Goikoetxea, Joxan

Gipuzkoar musikaria (Hernani, 1967). Kantuak, euskal dantzek eta txistuak bideratu zuten musikaren mundura. Akordeoi ikasketak egin zituen Donostiako Kontserbatorioan eta egungo akordeoia eta musikaren abangoardia gertutik ezagutzeko aukera izan zuen. Europako hainbat musika ekitalditan aritu zen eta Frantziako Le Thorren sakondu zituen bere ikasketak. Richard Galliano akordeoi-jotzaile frantsesaren eraginpean kaleratu zituen bere bi lehenengo lanak (1988-1991), jazzaren arloan. HAT (Hernaniko Akordeoi Taldea) sortu zuen 1987an eta ganbera musika landu zuen taldearekin, Libertango (1991) lana kaleratuz. 1985. urtetik Hernaniko Musika Eskolako irakaslea da eta kolaborazioak egin ditu Espainiako eta Euskal Herriko hainbat musikarirekin. Juanmari Beltranekin, esaterako, bide berritzaileak ikertu zituen: Egurraren orpotik dator (1993) eta Beti Ttun-ttun (1998). Suso Saiz gitarristarekin Quartet lana kaleratu zuen 1997an, Nafarroako Jaialdietan zuzenean grabatutako diskoa. Folk musika tradizionala lantzen duen Alboka taldeko kide da, eta talde horrekin Alboka (1995), Bi beso lur (1998) eta Lorius (2000) lanak egin ditu, azken hori kanpoko artista ezagun askoren lankidetzarekin. Bakarka kaleratu ditu Lehenengo geltokia (1988) eta Kollage (1991). Aztarna zigiluaren bidez, musika, irudia eta testua uztartzen dituzten produktu multimediak osatzen ditu. Beste egile batzuen lanarekin batera, bere Goazen lagun lana kaleratu zuen zigilu horretan 1995ean, musikari askoren lankidetzaz. Telebistarako eta antzerkirako lanak ere egin izan ditu.