Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Glinka, Mikhail Ivanovitx

Errusiar musikagilea (Novospaskoie, 1804 - Berlin, 1857). Errusiako handiki familia aberats batean jaio zen. Italiara eta Alemaniara egin zuen bidaiatik itzuli zenean (1830), opera nazionala sortzeko asmoa ekarri zuen eta 1836an Ivan Sussanin idatzi zuen, Italiako musika moldeak eta Errusiako herri kantak oinarri dituena. Jokamolde beraren arabera, Russlan eta Ludmila (1842) egin zuen. Bellini, Donizetti eta Berliozen adiskide handia zen, eta errusiar musika landu bazuen ere, ez zituen inoiz baztertu Sartaldeko musika klasikoaren moldeak; horrek ager dezake Glinkaren musikaren berezitasuna. Espainian bizi izan zen 1845etik 1847ra eta Aragoiko jota eta Madrilen egindako gau baten oroitzapenak idatzi zituen. Gainera ganberako obrak, elizako musika eta melodiak ondu zituen.