Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Giraud, Jean

Frantses marrazkilaria (Nogent-sur-Marne, 1938). Txikitatik erakutsi zuen marrazkilaritzarako zaletasuna, eta 1954. urtean Parisko Arte Aplikatuetako Eskolan sartu zen. Handik bi urtera egin zituen bere lehenengo lan profesionalak, Parisko agerkarietan, eta lan haiekin erakarri zuen Jijé belgikar gidoigilearen arreta. Soldadutzatik itzuli ondoren Jijéren estudioan sartu zen, laguntzaile gisa. 1963an aldaketa handia gertatu zen Girauden bizitzan, Fort Navajo marrazteko enkargua egin baitzioten. Jean-Michel Charlierrena zen gidoia, eta harekin eman zion hasiera Blueberry teniente ospetsuaren kontakizun sailari. Arrakasta handia izan zuen istorioak eta zenbait hizkuntzatara itzuli zen; haren sortzailea hil ondoren ere, Giraudek eman zion jarraipena sailari. Garai hartan hartu zuen Moebius ezizena eta Hara Kiri aldizkarian hasi zen lanak argitaratzen. Giraud izenez sinatu zuen Blueberryren saila, eta Moebius izenez bere gustuari jarraituz eta belgikar egileen eraginpean egindako lanak. Arrakasta handia lortu zuen Pilote eta L’Echo des Savanes aldizkarietan egindako lanekin, eta 1975ean “Humanoide elkartuak” taldea sortu zuen, Philippe Druillet, Bernard Farkas eta Jean-Pierre Dionnetekin; talde hark sortu zuen 1970eko hamarraldiko agerkari ospetsuenetako bat, Métal Hurlant, Ameriketan Heavy Metal izenez argitaratua. Agerkari hartan argitaratu zituen Arzach, Garaje hermetikoa eta Agur luzea. Ridley Scotten Alien, zortzigarren bidaiaria filmerako zenbait marrazki egin zituen, eta 1980an zientzia fikziozko beste abentura bateko marrazkiak egin zituen, estetizismoaren joerari jarraituz. Estilo horretan egin zituen Starwatcher edo Venecia Celeste lamina bilduma bikainak esaterako. Animazioko zenbait filmetan parte hartu du, arrakasta handiz, baina sekula ez du alde batera utzi komikietako marrazkigile lana.