Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gilen

Alemaniako bi enperadoreren izena. v Gilen I.a. Alemaniako enperadorea 1871-1888 bitarteko urteetan, eta Prusiako erregea, 1861-1888 bitarteko urteetan (Berlin, 1797 - 1888). Frederiko Gilenen eta Luisa erreginaren bigarren semea zen, eta 1814-1815eko gerretan hartu zuen parte. 1848ko matxinadan, matxinatuen kontra jarri eta 1849an Badeko matxinada zapaldu zuen. 1858an aginpidea hartu zuen bere anaia Frederiko Gilen IV.a erotu zelako. Bultzatu nahi zuen eraberritze militarrak Landtag-aren ezezkoa jaso zuen (1861) eta ia etsi zuen. Orduan Bismarck-i deitu zion eta haren eskuetan utzi zituen arazo guztiak; hark oposizio oro ezabatu zuen, bai erregearen kontrakoa bai bere kontrakoa. Prusiak arrakasta militar handiak izan zituen garai hartan: Danimarkako gerra Schleswig-Holstein-en kontra, austro-prusiar gerra eta franko-prusiarra. Napoleon III.a. errenditu zenean, Bismarck-ek Germania batuaren enperadore izendatu zuen Gilen. Enperadore hark berebiziko garrantzia izan zuen historia modernoan, haren garaian hasi baitzen Alemaniaren gorakada. v Gilen II. Alemaniako enperadorea eta Prusiako erregea 1888-1918 bitarteko urteean (Potsdam, 1859 - Doorn, Herbeheretan, 1941). Gilen I.aren biloba. Agintea bere eskuetan hartu eta Bismarck egotzi zuen, ez baitzetorren bat harekin ez barneko ez atzerriko politikan. Lurralde aurreratu bateko buruzagi izan nahirik “bide berria” (neue Kurs) ireki zuen, Alemania Europako industriaren gidari bihur zedin; baina legedi aurrerakoia bultzatu bazuen ere, ez zion aurre egin ahal izan langileen ezinegonari. Politika kolonial konkistatzailea bideratu zuen Bülow kantzilerraren eraginez. Errusiarekin zuen hitzarmena hautsi eta Austriara eta Italiara hurbildu zen (Hitzarmen Hirukoitza eraberrituz, 1907 eta 1912). 1918an agintea utzi behar izan zuen eta Holandara erretiratu zen. Lehen Mundu Gerra piztu izana berari egotzi zitzaion. Pastoral bat bada hari buruz egina.