Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gibson, William

(Jaiotza izena, William Ford Gibson). Estatubatuar idazlea (Conway, Carolina, 1948). Kanadan egin zituen ikasketak. Lehenengo kontakizunak, zientzia fikziozkoak, 1970eko hamarraldiaren amaieran argitaratu zituen, Omni aldizkarian, eta bere lehen liburua, Neuromante (1984), “ziberpunk” izeneko zientzia fikziozko generoaren aitzindaritzat hartua da. Kritikari askoren ustez 1980ko hamarraldiko zientzia fikziozko eleberririk onena da Neuromante. Egileak obra hartan erabilitako hizkerak ospe handia hartu zuen eta mundu guztira zabaldu zen; handik atera ziren, esaterako, ziberespazio eta errealitate birtual esapideak. Obra horretan, ziberpunk generoan ohi denez, gizabanakoaren eskubideak gizartearen gaineko kontrola beren esku duten korporazioek mehatxaturik dituen gizartea islatu zuen Gibsonek. Ziberpunk generoaren barruan sailkatzen diren obren artean azpimarratzekoak dira, orobat, Kromoa erretzen (1986) ipuin bilduma, eta Zero kondea (1986), Mona Lisa azeleratua (1988) edo Argi birtuala (1993) eleberriak. 1990ean Diferentziaren makina idatzi zuen, Bruce Sterlingekin batera, eleberri poliziakoaren eta intriga historikoaren osagaiak bateraturik, eta 1998an Idoru argitaratu zuen. Dena dela, zientzia fikzioaz gainera, beste molde literario batzuk ere landu ditu, ondorengo obra hauetan: Dream Jumbo (1989), saio artistiko bati egokituriko testua, eta Agripa, hilen liburu bat (1992), bere aitaren omenez euskarri informatikoan eginiko olerkia, irudiez eta testuez osatua.