Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gibson, Ian

Irlandar idazle eta hispanista (Dublin, 1939). Frantses literatura ikasten ari zela hasi zen gaztelaniarekin zaletzen, eta 1958an egin zuen lehen bidaia Espainiara. Ordurako ongi ezagutzen zuen García Lorcaren obra, eta egile hari eskaini zion doktorego tesia eta bere karrerako ikerlan gehienak. Espainiatik sorterrira itzuli ondoren Belfasteko Unibertsitateko eta Londresko Unibertsitateko irakasle izan zen. 1975ean katedra utzi zuen, eta literaturan murgildu zen buru-belarri. Lehenengo liburua, La represión nacionalista de Granada en 1936 y la muerte de Federico García Lorca (1971, Granadako zapalkuntza nazionalista 1936an eta Federico García Lorcaren heriotza), 1971n argitaratu zuen, baina Espainian debekatuta egon zen 1979 arte. Hurrengo obra, El vicio inglés (Bizio ingelesa), 1978an kaleratu zuen, eta urte hartan bertan Espainiara aldatu zen (1984an espainiar herritartasuna eman zioten, baina ez zuen utzi irlandar herritartasuna). Hurrengo lanak Un irlandés en España (Irlandar bat Espainian), La noche que mataron a Calvo Sotelo (Calvo Sotelo hil zuten gaua) eta Paracuellos como fue (Paracuellos izan zen bezala) izan ziren. 1985ean García Lorcari buruzko obraren lehen alea eman zuen argitara: Federico García Lorca, I: De Fuentevaqueros a Nueva York (Federico García Lorca, I: Fuentevaquerostik New Yorkera). 1987an atera zuen Federico García Lorca, II: De Nueva York a Fuente Grande (Federico García Lorca, II: New Yorketik Fuente Grandera), bigarren alea. Ondorengo urteetako lanetan aipagarriak dira En Granada, su Granada,… (Guía a Granada de Federico García Lorca) [Granadan, bere Granadan… (Federico García Lorcaren gida Granadari)]; Federico García Lorca: una vida (1990, Federico García Lorca: bizitza bat) biografia; La vida desaforada de Salvador Dalí (1998, Salvador Dalíren bizitza bidegabekoa), Dalíren biografia, eta Lorca-Dalí. El amor que no pudo ser (1999, Lorca-Dalí. Maitasun ezinezkoa) bi artisten arteko harremanaz. Telebistarako egin ditu, besteak beste, Lorca, muerte de un poeta telesaileko gidoiak, eta La nueva España (1989, Espainia berria) eta Fuego en la sangre (1992, Sua odolean).