Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gento, Francisco

Espainiar futbolaria (Guarnizo, 1933). Ezkerraldean jokatzen zuen eta dohain fisiko apartak zituen futbolean jokatzeko: lastertasun handiko jokalaria zen (12 segundo baino gutxiago behar zituen 100 metro egiteko), baloia kontrolatzeko trebetasun handia zuen eta izugarrizko jaurtiketak eta paseak egiten zituen. Dohain horiei esker Kantauriko enbata ezizena jarri zioten. Gento izan da Espainiako Liga gehien jokatu eta irabazi dituen futbolaria, Real Madrid taldearekin beti: hamazazpi ligatan jokatu zuen eta horietatik hamahiru irabazi, 1954 eta 1970. urteen artean. Berea da, orobat, Europako Kopako parte hartze eta garaipenen errekorra (sei txapelketa irabazi zituen, 1956, 1957, 1958, 1959, 1960 eta 1966an). 1964. urtean Europako Nazioen Kopa irabazi zuen Espainiako selekzioarekin.