Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gaztela

(Esp. Castilla). Iberiar Penintsulako antzinako ipar-erdialdeko lurraldea. v Historia. Gaztelako konderria. Musulmanak Iberiar Penintsulako erresuma bisigodoaz jabetu zirenean, iparraldeko mendialdeetara jo zuten godoek, eta Asturias eta Kantabriako lurretan finkatu ziren. Musulmanen erasoari aurre egiteko, konderri batzuk sortu zituen Asturiasko erresuma godoak ekialdeko lurretan, euskal lurraldeekiko mugetan. Gaztela izena eman zitzaion godoen lurraldeari (Lat. castella, «gazteluak edo gotorlekuak»). Autonomia handiz jardun zuten hasieratik Gaztelako kondeek, Asturiasko erregearengandik urrun, eta IX. mendean hasi ziren Gaztelako kondeen eta Asturiasko koroaren arteko gatazkak. Gisa berean, IX. mendean hasi ziren Gaztelako lurrak hegoaldera zabaltzen, eta 884. urtean sortu zuten Burgosko hiria. Asturiasko erregeen mendean zeuden oraindik Gaztelako kondeak. X. mendean sortu zen Gaztelako konderri independentea, Fernan Gonzalez kondearen eskutik (930-970). Fernan Gonzalezek bildu zituen Gaztelako konderri guztiak eta garaipen handiak lortu zituen arabiarren aurka (Simancas, 939; San Esteban de Gormaz, 955). IX. mende bukaeran areagotu zen Leongo erresumaren, Gaztelako konderriaren eta Nafarroako erresumaren arteko liskar giroa, eta 1029. urtean geratu zen Gaztela Nafarroako koroaren esku. v Gaztelako erresuma. 1035. urtean sortu zen Gaztelako erresuma, Antso Handia hil ondoren. Nafarroako erregeak eginiko testamentua, Fernando bere semeari utzi zizkion Gaztelako lurraldeak, bertako errege izan zedin. XI. mendean Gaztela txikia zen baina bertako egitura militarra beldurgarria zen inondik ere. Bestalde, Kordobako kalifen ahalmena ahuldu ondoren, erresuma txikiak osatu zituzten arabiarrek (taifa erreinuak) eta Gaztelako koroaren eraginpean geratu ziren horietako batzuk (Badajoz, Sevilla, Toledo eta Zaragoza). 1085. urtean hartu zuen Toledoko hiria Alfontso VI.a Gaztelako erregeak eta Ipar Afrikako almorabiarrei laguntza eskatu zieten errege arabiarrek. Erraz nagusitu ziren almorabiarrak eta batasun musulmana ezarri zuten berriro ere Iberiar Penintsulako lurralde arabiarretan. Hegoaldera ezezik, mendebal eta ekialdera saiatu zen Gaztelako erresuma zabaltzen eta 1076. urtean Errioxaz eta Burebaz jabetu ziren gaztelauak. XII. mendearen hasieran halako hitzarmenak bete behar izan zituen Gaztelako koroak Leon eta Nafarroako erresumekin arabiarrei aurre egiteko. Bere burua Hispaniako enperadore egin zuen Alfontso VII.aren garaian (1126-1157), almorabiarrak banatu eta ahuldu ziren, Tajo ibairaino hedatu zen Gaztelako erresuma. Alfontso VII.ak eta Aragoiko erregeak bitan banatu zuten kristauek arabiarrei hartu beharreko lurrak: Gaztelako aldea eta Aragoiko aldea. Halaz ere almohadiarrak Iberiar Penintsulan sartu (1147) eta erreinu arabiarrak berriro batera zitezen lortu zuten. Alfontso VII.a hil ondoan, bi semeren artean banatu zen inperioa: Antso III.ak Gaztela hartu zuen eta Fernando II.ak Leon eta Galizia. Areagotu egin ziren orduan Lara eta Castro familia nobleen arteko gatazkak eta almohadiarrek indartu ahal izan zituzten beren lurraldeak. Alfontso VIII.aren garaian (1158-1214) beste hitzarmen bat egin zuten Gaztelako eta Aragoiko koroen artean musulmanei hartutako lurrak banatzeko (1177) eta Nafarroako erresumaren aurkako erasoari ekin zion. 1189. urtean geratu ziren Bizkaiko jaunak haren eraginpean eta 1200. urte aldera hartu zituen Araba, Gipuzkoa, Lapurdi eta Biarno. Nafarroako erresuma guztiz murriztuta eta itsasorako irteerarik gabe geratu zen. 1212. urtean amaitu zen almohadiarren nagusigoa Navas de Tolosako guduan eta hurrengo urteetan batu ziren Leon eta Gaztelako koroak (Fernando III.a, 1230). 1236-1248 urteetan, Kordoba, Jaen, Murtzia eta Sevillako hiriak hartu zituzten gaztelauek eta Sevilla Gaztelako hiriburu bihurtu zen. Granadako erresumara jo zuten ihesean musulmanek eta handik aurrera eraso bizian eduki zuen Gaztelako koroak Nafarroako erresuma. XIII. mendean osatu zen Gaztelako erresumako administrazioa eta ekonomia, eta mende hartan hasi ziren Europako iparraldeko herriekiko harremanak (Gaztelako artilea preziatua zen Europa osoan), Euskal Herriko itsas merkatariei esker. Kulturari dagokionez, mende horretan hartu zuen Gaztelak, Alfontso X.a Jakintsuaren garaian (1252-1284) bere gailurra; kristauekin batera juduak eta musulmanak bildu zituen bere gortean, eta bere literatura eta musika obrak Gaztelako literaturaren hasierako obratzat jotzen dira. XIV. mendean areagotu ziren erregeen eta nobleen arteko tirabirak, eta 1356. urtetik aurrera, Petri Ankerra Gaztelakoa eta Petri Zeremoniatsua Aragoikoa erregearen arteko gerran sartu ziren Iberiar Penintsulan Frantziako eta Ingalaterrako armadak. Bete-betean murgildu zen Gaztela Ehun Urteko Gerran, gatazka haren arrazoi nagusia Gaztelako koroa bera bazen ere. Petri Ankerrari aurre egin zion Henrike II.a Trastamarakoak eta azken hau nagusitu zitzaion azkenean, noble gehienen, Aragoiko erregearen, Aita Santuaren eta Frantziako koroaren laguntzaz. Petri Ankerraren alde jarri ziren Nafarroa, Portugal eta Granadako erresumak, Ingalaterrako koroaz gainera. Aragoiko koroa ere trastamartarren aurka matxinatu zen, ez baitzuten gaztelauek, agindu bezala, Murtziako erreinua Aragoikoaren esku utzi. Frantziako eta Ingalaterrako koroek Atlantikoko ontziteriak zituzten helburu (Bizkaia agindu zien Petri Ankerrak ingelesei) eta Gaztelak kendu zizkion lurraldeen alde borrokatu zen Nafarroako koroa. 1369. urtean hil zuten Petri Ankerra. Gerra zibil hartan (1356-1369-1385), Gaztelako indar militarra sendotu egin zen eta lehen urratsak eman ziren Iberiar Penintsula osoko erresuma kristau bakar baten alde. XIV. mende bukaeran, alferrik saiatu zen Gaztelako koroa Portugalez jabetzen eta Aljubarrotan nagusitu ziren portugaldarrak 1385. urtean. XV. mendearen hasieran, berriro ekin zion musulmanen aurkako gerrari Henrike III.a Gaztelako erregeak. Fernando Antequerakoa, bere anaia, nabarmendu zen Granadako guduetan eta, irabazi zuen ospeari esker, Aragoiko errege izendatu zuten 1412. urtean. Gaztelako Trastamara etxea Aragoiko koroaren jabe zen eta honek guztiz areagotu zituen noblen arteko tirabirak. Fernando I.a Aragoikoak bere semeentzat nahi zuen Gaztelako koroa eta horretan saiatu ziren Henrike eta Joan printze aragoitarrak. Alvaro de Luna noble gaztelaua nagusitu zitzaien (Olmedo, 1445) eta tirabira askoren ondoren, Henrike IV.a Gaztelakoa (1474) eta Joan II.a Aragoikoa (1479) hil eta gero, batera gobernatzen hasi ziren Fernando II.a Aragoikoa eta Elisabet Gaztelakoa, 1469. urtean ezkonduak. 1492. urtean hartu zuten gaztelauek Granadako erresuma musulmana eta 1512. urtean hasi zen Nafarroako konkista. 1530ean geratu zen Nafarroa Garaia gaztelauen esku, Nafarroa Behereak erresumari eutsi zion bitartean. Elisabet Gaztelako erregina 1504an hil ondoren Fernando II.a Aragoikoa Aragoiko errege geratu zen eta Germana Foixkoarekin ezkondu zen. Gaztelako erregina Joana I.a Eroa (1505-1555), Fernando II.aren alaba zen. Filipe I.a Joana I.aren senarra hil ondoren, erregina erotu egin zen, eta Fernando II.ak hartu zuen Gaztelako erregetza, haren ordezko. Fernando II.a 1516an hilik, Cisneros kardinalak hartu zuen Aragoi eta Gaztelako erregetza, Karlos I.a (Alemaniako V.a), Joana I.aren eta Filipe I.aren semea, Herbeheretatik etorri bitartean. 1518an, Karlos I.a Aragoiko errege eta, bere amarekin batera, Gaztelako errege izendatzean, Aragoiko erresuma eta Gaztelakoa bateratu egin ziren.