Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gautier, Théophile

Frantses idazlea (Aturbe, 1811 - Neuilly-sur-Seine, 1872). Nerval-ekin eta Borel-ekin oso gaztetatik izan zituen harremanak; hasieran koadroak egin zituen, baina azkenik idazten hasi zen, eta V. Hugoren alde egin zuen Hernani deituriko gatazkan (1830). Hala ere, Albertus (1832) poema luzean eta Les Jeunes-France (1833) ipuin bilduman erromantikoekiko askatasun osoa erakusten du. Mademoiselle de Maupin (1836) eleberriaren sarreran edertasun soila hartu zuen helburu nagusitzat. Les Grotesques (1844) saiakera liburuan Luis XIII.aren garaia goraipatu zuen, eta Le Capitaine Fracasse (1863) eleberrian garai bera deskribatu zuen; Arria Marcella obran (1856) antzinako Ponpeiako bizitza agertzen du; Roman de la momie (1858) liburuan antzinako Egipto; eta Le Spirite (1866) obran goi-izaerazko ideala azaltzen du. Kontakizun laburretan alderdi fantastikoa lantzen du, Hoffmann-en ildotik. Horren adierazgarri garbiena: Avatar (1856) izeneko ipuina. Bere zenbait poema (España, 1845) edo musika bihurtu zituen (Émaux et Camées, 1852). Poesia parnasianoaren aitzindari izan zen; Baudelairek ere maisutzat hartzen zuen. Ospe handikoak dira Gautier-en bidaia liburuak, Voyage en Espagne (1845) esaterako. Euskal Herrian ere ibili zen, eta liburu hartan deskribatzen du bere ikuspegi berezia.