Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gauss, Carl Friedrich

Alemaniar matematikaria, matematikaren aurkikuntzak astronomiara, geodesiara eta fisikara egokitu zituena (Brunswick, 1777 - Hanover, 1855). Bikaina zen kalkuluak buruz egiten, eta matematikan egin zituen ia aurkikuntza guztiak 17 urte betetzerako eginak zituen. Hogeita bi urte zituela Helmstedt-eko unibertsitatean doktoretza tesia egin zuen; zenbaki konplexuen teoria landu, eta aljebraren teorema oinarrizkoa frogatu zuen. Bi urte geroago zenbakien teoria argitaratu zuen, matematikaren historian izan den lan bikainetakoa. Astronomia irakaslea izan zen, eta Göttingengo unibertsitateko astronomia behatokiko zuzendaria. Gaussek bide berri bat aurkitu zuen asteroideen orbitak kalkulatzeko. Ikasketa teorikoak egin zituen Lurraren neurriak eta forma ikertzeko, eta Gaussen kurba izenez ezagutzen den erroreen teoria asmatu zuen. Matematikaren hastapenak grabitaziora, elektrizitatera eta magnetismora egokitzen aitzindari izan zen. Astronomiari buruzko ikerketak Theoria motus corporum coelestium (1809), Theoria combinationis observationum erroribus minimis obnoxiae (1823) eta Supplementum (1826) lanetan bildu zituen. v Gaussen ekuazio binomioak. Mat. Aljebra linealean eta multilinealean, aldibereko ekuazio linealen sistema batean ebazpena aurkitzeko bidea. Lehenengo aldagaiarentzat ekuazioetako bat ebazten da, ondoren adierazle hori beste ekuazio batean sartzen da; horren emaitza sistema berri bat da, ekuazioen eta aldagaien kopurua hasierako sisteman baino bat gutxiagokoa dena. Eragiketa bera egiten da bigarren aldagaiarekin eta besteekin, azkenean aldagai bakarra duen ekuazio bakarra geratu arte. Ekuazio hori ebatzi ondoren, bi aldagai ezezagun zituzten aurreko ekuazioak ebatz daitezke. Ariketaren amaieran hasierako aldagai ezezagun guztiak ebatziak daude. v Gaussen banaketa. Banaketa arrunta. v Gaussen kurba. Kanpai gisako kurba, probabilitateen kalkuluan erabiltzen dena (y = e-x2). v Gaussen teorema. Fis. Elektrizitatearen eta magnetismoaren jarioa deskribatzen duena. Elektrizitateari dagokionez, Gaussen legeak dio gainalde itxi bat zeharkatzen duen elektrizitate jarioa gainaldeak hartu duen elektrizitate karga garbiaren proportzio berekoa dela. Legeak erakusten du karga elektriko bakartuak badirela, eta berdinak direnean, batak bestea atzera botatzen duela, eta desberdinak direnean, elkar erakartzen dutela. Magnetismoari dagokionez, Gaussen legeak dio gainalde itxi batean zehar doan jario magnetikoa zero dela; buru magnetikoa bakarturik ez dagoela ikusi ondoren sortzen den legea da. Bi lege horien formulak, Ampereren legearekin eta Faradayren legearekin batera, teoria elektromagnetiko batuaren oinarria eskaintzen duten Maxwellen ekuazioetan biltzen dira. v Gaussen proiekzioa. Topogr. Mapak egiteko proiekzio mota, Merkator-en proiekzioaren (1569) zeharretarakoa. Proiekzio zilindrikoak esaten zaie (meridianoak beti tarte bera duten goitik beherako lerroak dira, paraleloak, berriz, luzetara jarritako lerro zuzenak, ekuatoreko lerrotik urrundu ahala elkarren artean tarte zabalagoa dutenak), eta matematikaren bidez egiten dira, korrespondentzia ekuazio sailak erabilita.