Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gastañeta Iturribalzaga, Antonio

Gipuzkoar itsasgizon eta ontzigilea (Mutriku, 1656 - Madril, 1728). Mutrikuko kondea izan zen. Gaztetan itsasoratu zen eta 1672. urtean errege galeoi batean ontziratu zen itsasketako arteak ikastearren. Erregearen zerbitzuan lan egin ondoren, bere jaioterrira itzuli eta aitaren agindupean Montevideora joan zen espedizioan parte hartu zuen. Ameriketara iritsi bezain laster aita hil zen, eta kapitain ardura hartu zuen Pasaiara itzuli arte. 1684. urtean berriro ere erregearen zerbitzuan jarri zen eta, almirante zela, frantsesen aurkako erasoa gidatu zuen Napoliko uretan. Garai hartan idatzi zuen Norte de navegación hallado por el cuadrante de reducciones obra. 1702. urtean Astillero de Cantabria ontziolako zuzendari izendatu zuen Bilboko Kontsuletxeak. Bertan eraiki zuen Europa guztian ospetsu egin zen Salvador galeoia. 1718. urtean ontzigintza utzi eta Bartzelonatik Siziliarantz zihoan ontzi batean itsasoratu zen. Eraso baten ondoren, ozta-ozta egin zuen ihes Gastañetak. Berriz ere eraso zioten 1726. urtean Galizian. Mutrikuko alkate izan zen urte askoan. Itsasketako oso obra garrantzitsuak idatzi zituen, apaituaz landa: Cuadrante geométrico universal para la conversión esférica a los planos, aplicado al arte de navegar (1693) eta Proporciones de las medidas más esenciales para la fábrica de los navíos y fragatas de guerra (1702).