Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Garzia Garmendia, Joxerra

Gipuzkoar idazle eta kazetaria (Legazpi, 1953). EHUko irakaslea da. Gizarte eta komunikazio-zientzien fakultatea. Bertsolaritzaren munduan, bertsozale izateaz gain, gai-jartzaile eta ikertzaile moduan jardun du. Bertsolari eskoletako materialak argitaratu ditu eta tesia ere bertsolaritzaren inguruan egin zuen. Hedabideen eremuan, hainbat lan egin ditu: Euskadi Irratian jardun zuen eta Euskal Telebistan Hitzetik Hortzera bertsolaritza saioa aurkeztu zuen hainbat urtez. Aldizkari eta egunkarietan artikuluak argitaratzen ditu eta Alberdania argitaletxeko Zerberri sailaren arduraduna da. Literatura sariak jaso ditu eta literaturgintzan hainbat arlo landu ditu. Bereak dira, besteak beste, Gaur egungo bertsolaritzaren baliabide poetiko-erretorikoak (2000), Bat-bateko bertsolaritza (2001, Jon Sarasua eta Andoni Egañarekin elkarlanean), Kurrin-kurrun vitae. Maisu baten ikarak eta ostikadak (2004), eta Jendaurrean hizlari (2008) saiakerak, Dena dela (Bezperaren kronika) (1988) eta Zotal egunak (1991) poesia liburuak, Malen laberinto madarikatuan (1986), Gau bat gauekoen artean (1988) eta Tunelaz bestaldean (2000) gazteentzako narrazioak, Egonean doazen geziak: Metaforismoak (2000) aforismo-liburua, eta Jon Sarasua. Bertso-ispiluan barrena (1998) eta Jose Elorrieta. Sindikalismoaren berri onak (2001, Nagore Izagirrerekin elkarlanean) elkarrizketa liburuak.