Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Garfunkel, Art

Estatubatuar kantaria eta abesti idazlea (Queens, 1941). Estatu Batuetako 1960ko hamarraldiko musika bikote ospetsueneko kidea Paul Simonekin batera. Eskolan ezagutu zuten elkar, eta Tom and Jerry bikotea osatu zuten hasieran. Arrakasta handiko kantu bat grabatu zuten (Hey Schoolgirl), eta jendaurrean jotzen ere hasi ziren, baina ohiko ikasketak egiten jarraitu zuten, ikasketa musikalen ordez. Garfunkelek arkitektura eta matematika ikasketak egin zituen. Bien bitartean, elkarrekin kantatu zuten, baina hasierako rock and rolla alde batera utzi eta Simonen folk kantuak hobetsi zituzten. Simonek hartu zuen kantuak idazteko ardura, eta Garfunkelek moldaketak egin zituen. Handik aurrera beren benetako izenez agertu ziren jendaurrean: Simon and Garfunkel. 1964an argitaratu zuten lehen diskoa, Wednesday Morning, 3 AM. Diskoak ez zuen oihartzun handirik izan, baina bi urte geroago izugarrizko arrakastarekin kaleratu zen ostera, The Sounds of Silence (Isiltasunaren hotsak) titulupean. 1960ko hamarraldiaren bukaerarako arrakasta handiko kantu sorta ederra lortu zuten: The Boxer, Mrs. Robinson eta Bridge over Troubled Water. Arrakastarekin batera, baina, Simon eta Garfunkelen arteko harremana desegiten joan zen, Garfunkelen antzezle izateko nahiagatik, neurri batean. Banandu ondoren, Simonek musikarekin jarraitu zuen bitartean, Garfunkelek zenbait saio egin zituen zineman: Catch 22 (1970), Carnal Knowledge (1971) eta, eten luze baten ondoren, Boxing Helena (1993). Bien bitartean, baina, zenbait disko grabatu zituen bakarlari gisa, arrakasta handiz: Angel Clare (1973), Breakaway (1975). 1978an berriro elkartu zen Simonekin, eta James Taylorrekin batera, Sam Cookeren bertsio arrakastatsu bat kantatzeko: (What a) Wonderful World. Elkarrekin kantatu zuten, baita ere, doako kontzertu jendetsu batean, New Yorkeko Central Park-en. Nazioarteko jira bat egiteko saioak huts egin ondoren, bakarkako lanari ekin zion ostera: Garfunkel (1989), Up 'Till Now (1993).