Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

García Hoz, Víctor

Espainiar pedagogoa (Campillo de Aranda, Burgos, 1911 - 1998). Nekazari herri bateko irakasle gisa hasi zen lanean, eta ondoren Madrilgo Irakasleen Kideko Eskola Normalaren zuzendari eta espetxe ikasketetako irakasle izan zen. 1940. urtean doktoregoa eskuratu zuen, Madrilgo filosofia eta letretako fakultateko pedagogia esperimental eta diferentzialeko fakultatean. CSIC Pedagogia Institutuko zuzendaria eta hark argitara ematen duen Revista Española de Pedagogía aldizkariaren zuzendaria izan zen. Espainiako Pedagogia Elkartearen sortzailea eta ohorezko zuzendaria eta Bordón aldizkariarena eta zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiako kidea izan zen, orobat. Espainiako pedagogiako maisu handienetakoa da. Nazioartean ospe handia eskuratu zuen bana-banako heziketa izeneko kontzeptuan oinarriturik 1960ko hamarraldiaz gero zabaldu zen joera berrizalearen aitzindari gisa eta garrantzi handiko lana egin zuen bere eredu teoriko-praktikoen bidez eta bere esperientzia hainbat alor eta irakaskuntza mailetara zabalduz. Bereziki nabarmentzekoa da hezkuntza arazoei aurre egiteko metodo esperimentalaz egindako erabilera, ezaguera pedagogikoez egindako sistematizazioa eta hainbat ikertzaileren ikerketa zientifikoen zuzendari gisa egindako bidea. Argitalpenen artean azpimarratzekoak dira, Normas elementales de pedagogía empírica (1970, Pedagogia enpirikoko oinarrizko arauak), Organización y dirección de centros educativos (1975, Heziketa zentroen antolaketa eta zuzendaritza), Principios de pedagogía sistemática (1980, Pedagogia sistematikoko oinarriak), La educación en la España del siglo XX (1980, Hezkuntza Espainian, XX. mendean), La investigación del profesor en el aula (1984, Irakaslearen ikerketa ikasgelan) eta Educación personalizada (1985, Bana-banako heziketa).