Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Frescobaldi, Girolami

Italiar musikagilea eta organo-jotzailea (Ferrara, 1583 - Erroma, 1643). Erromako San Pedroko organo-jotzailea (1608) izan zen urte askoan, Florentziako gortean zenbait urtez egin zuen egonaldia salbu. Musika idazle eta musika teoria egile gisa ospe handia izan zuen, bai Italian eta bai Italiatik kanpora, Alemanian (Froberger ikasle izan zuen) eta Frantzian (aita Mersennek Frescobaldiren gaitasuna oso aintzat hartzen zuen) batez ere. Teknika edo musika tresnetarako gai berririk sortu ez bazuen ere, organorako eta klabezinerako adierazpide eta estilo berrikuntza handiak egin zituen. Errenazimentutik jasotako formak landu zituen, baina Errenazimentukoak baino konplexuagoak dira bere lanak. Hura izan zen preludioaren eta fugaren eta pasacaglia handien oinarriak eman zituena. Frescobaldik ahozko (Madrigalak eta ariak) eta musika tresnetarako (Fiori musicali, 1635) musika bildumak argitaratu zituen. J.S. Bach-engan eragin handia izan zuen.