Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Frazier, Joe

Estatu Batuetako boxeolaria (Beaufort, Hego Carolina, 1944). 60ko hamarraldian hasi zen boxeo lehiaketetan parte hartzen, boxeolari amateur gisa. 1964an, Tokioko Olinpiar Jokoetara deitu zuten, eta lau borrokaldi irabazi ondoren (3 K.O.), urrezko domina eskuratu zuen. Hurrengo urtean, profesionaletan hasi zen. 1967an, Muhammad Ali, pisu astunetako txapeldunari (Boxeoko Mundu Elkartearena, WBA) tituluak kendu zizkioten soldadutzarik egin nahi ez izanagatik. Hurrengo urtean, Jimmy Ellisek irabazi zuen WBAk antolatutako txapelketa. Frazierrek ez zuen lehiaketan parte hartu, baina New Yorkeko estatuko zenbait batzordek bera izendatu zuten pisu astunetako munduko legezko txapeldun, urte hartan bertan Mathis mendean hartzeagatik. 1970ean, Frazierrek Ellis menderatu zuen, eta pisu astunetako txapelketa (WBA bertsioa) lortu zuen, bai eta bi txapelketako tituluak bateratu ere. 1971n, lau urteko zigorra bete ondoren lehiaketetan parte hartzen hasi zen Muhammad Ali txapeldun handiaren aurrean berretsi behar izan zuen Frazierrek bere titulua. Borroka hura boxeoaren historiako desiratuenetako bat izan zen, bi boxeolari handi eta boxeatzeko bi estilo erabat desberdin jarri zirelako aurrez aurre: Frazierren geldotasun kupidagabea, batetik, eta Aliren dotoretasun, arintasun eta indarra, bestetik. Frazier atera zen garaile: hamabost borrokalditan berak lortu zituen punturik gehienak. 1973an, Kingstonen, George Foremanek kendu zion titulua. Hurrengo urtean, New Yorken, Frazierrek eta Alik indarrak neurtu zituzten berriro, baina orduan Ali atera zen garaile. 1975ean, Manilan, hirugarren aldiz jarri ziren aurrez aurre, eta orduan ere Frazierrek galdu zuen borroka. 1976an, Foremanen aurka galdu ondoren, erretiratu egin zen. Profesionaletan, 37 borrokaldi egin zituen guztira: 32 irabazi zituen (27 K.O.) eta 4 galdu, eta bat baliogabe geratu zen.