Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Frantzia-Alemania arteko gerra

Alemaniako estatu guztien eta Frantziaren arteko gerra (1870-1871). Dukerrien gerraren (1864) eta Bohemiako kanpainaren ondoren (Prusiarrek austriarrak menderatu zituzten Sadowan, 1866), Bismarck-ek Alemania batzeko zeraman politika zela eta, Frantziaren eta Prusiaren arteko harremanek okerrera egin zuten, batez ere Frantziak izandako neutraltasunaren ordainetan agindu zitzaizkion lurrak jaso ez zituelako. Karlos-Antonio Hohenzollern-ekoa Espainiako tronurako hautagai izateak (1870.eko hasiera) sortu zituen arazoak Gilen I.ak konpondu zituen ordea. Hark ezezkoa eman zion Benedettiri, Frantziako arazoetarako arduradunari, Hohenzollern baten hautagaitzari sekula ez laguntzeko eskatu zionean. Ezezko hori Bismarckek prentsan agertarazi zuen irainez beteriko komunikatu baten bidez (Ems-eko agiria, 1870.eko uztailaren 13a), eta horren aurrean Napoleon III.ak gerra deklaratu zion Prusiari, politikari askok zuhur jokatzeko eskatu eta Biltzarreko ezker errepublikarrak ezezkoa eman arren. Frantziako gudarosteak ezin izan zuen Moltke, Manteuffel eta Roon-en gidaritzapean eratua eta askoz hobeto hornitua zegoen Alemaniako gudarostea menderatu. Frantsesek izan zituzten lehen hondamendien ondoren (Wissembourg, Froeschwiller-Reichshoffen, Forbach-Spicheren, 1870eko abuztuaren hasiera), alemaniarrek Estrasburgo (iraila) eta Nancy hartu zituzten; Bazaine-ren gudarosteak Metzera erretiratu behar izan zuen (abuztuaren 18a), eta bertan errenditu zen urriaren 27an; hari laguntzeko Chalons-en eratu zen Mac-Mahon-en gudarostea Sedan-en garaitu zuten (irailaren 2a). Frantsesen errenditzeak eta 1870eko irailaren 4ean egin zen iraultzak (Bigarren Inperioaren erorketa, Hirugarren Errepublika deialdia eta Defentsa Nazionaleko gobernua eratzea) aukera eman zion Alemaniako gudarosteari hiriburu aldera jotzeko. Paris eta Versailles irailaren 18an eta 19an erori ziren. Ferrières-eko elkarrizketak huts egin zuen eta frantsesek adoretsu aurre egin zieten alemaniarrei Parisen eta inguruko probintzietan. Frantsesek garaipen batzuk lortu bazituzten ere (Coulmiers, Villersexel, Rapaume), Frantziako gudarostea Orléans, Le Mans, Saint-Quentin, Herincourt eta Parisen garaitu zuten alemaniarrek (Le Bourget, Buzenval). 1871ko urtarrilaren 28an, Defentsa Nazionaleko gobernuak armistizioa izenpetu zuen. Parisko herritarrek, ordea, ez zuten onartu, eta errenditu izanak tirabira handiak sortu zituen gobernu ofizialaren (Biltzar Nazionala eta Thiers) eta indar iraultzaileen artean; horiek 1871ko martxoaren 18an gobernu iraultzailea eratu zuten: Parisko Komuna. Azkenean matxinada zapaldu bazuten ere (maiatzaren azkena), gobernuak bakearen lehen puntuak Versaillesen izenpetu zituen (otsailaren 28an) eta Frankfurteko hitzarmena ondoren (1871ko maiatzaren 10a). Gerra horretan Frantziak Alsazia osoa eta Lorraine-ko zati handi bat galdu zituen; bestalde abertzaletasuna eta mendeku gogoa piztu zen herritarrengan.