Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

franko 2

(Germanieraz, wrang «ibiltari» edo frak «ausart») iz. K.o. V. mendean Erromako inperioko Galia osora zabaldu zen herri germaniar bateko kidea. Frankoak Rhin ibaiaren ekialdean (egungo Kolonia aldean) bizi ziren III. mendean. Hiru tribu franko nagusi bereizten ziren garai hartan: saliarrak, ripuariarrak eta txateak edo hessiarrak, eta independenteak ziren hirurak nahiz eta hizkuntzaz, ohituraz eta gizarte egituraz berdinak izan. III. mendearen erdialdean saiatu ziren lehenengo aldiz Galian sartzen, baina alferrik. IV. mendearen erdialdean (358. urte aldera) Mosela eta Escaut ibaien arteko lurraldea (gaur egungo Belgika) inbaditu zuten franko saliarrek. Banaketa horrek ekarri zuen egungo flandestarren eta waloien arteko bereizkuntza. V. mendean, bandaloek Galian barrena eginiko erasoez baliatu ziren frankoak (406) eta arian-arian nagusitu ziren iparraldeko Galia osoan. Franko horietako batzuek erromatartu eta inperioaren aliatu gisa jardun zuten. Besteek eutsi zioten germaniar izateari. 481. urtean. Clovisek herri saliar eta ripuariar guztiak bere menean jarri eta hegoalderantz gidatu zituen oste frankoak. Gaur egungo Frantziako iparraldeaz jabetu ondoren, beste herri germaniarren (alamaniarrak) inbasioa galarazi zuten frankoek eta gogor eraso zieten Galiako hegoaldean nagusitu ziren bisigodoei. Kristautu ondoren, kristau elizaren ortodoxia defendatu zuen Clovis erregeak, arrianismoaren bidea hautatu zuten herri germaniar askok ez bezala, eta elizak lagundurik sendotu zuen frankoen erresuma. Clovis merobingiarren dinastiako lehen erregea izan zen. VIII. mendea arte iraun zuen dinastia horrek, errege franko karolingiarrak nagusitu ziren arte hain zuzen. Frankoen ondorengoak dira latin hizkuntza onartu zuten iparraldeko frantsesak eta waloiak, eta hizkuntza germaniarrari eutsi zioten frankoniarrak (gaur egungo Alemaniaren mendebalean) eta neerlandarrak (flandestarrak eta holandarrak).  v  Frankoak eta euskaldunak. Frankoen eta euskaldunen arteko harremanak guztiz zailak izan ziren luzaroan. Clovisek Tolosa hartu zuen eta Bordeleko hiria ere izan zuen mendeko, baina ez zen Garona ibaiaren hegoaldeko lurretan sartu, ez zen euskaldunen lurretan barneratu. VI. mendean saio ugari egin zuten frankoek Akitania euskaldunean (erromatarren garaiko Novempopulania) eta, hainbat gudu galdu ondoren, Genial izeneko dukea, ezarri zieten euskaldunei 602. urtean nagusitu ondoren. VII. mendean. Akitaniako euskaldunek beren arteko buruzagi bat ezarri zuten duke, Otsoa edo Lupus izenekoa, eta dukerri independente bat: Baskoniako dukerria, Tolosa hiriburu zela. Frankoek, bestalde, Loira eta Garona ibaien arteko Akitaniako dukerria sortu zuten (630). euskaldunei aurre egitearren. VIII. mendearen hasieran, dukerri horiek batu egin ziren zenbaitetan, musulmanen inbasioa galarazteko (732, Poitiersko garaipena), baina arabiarrak berriro ere Ebro inguruko lurretan zeudela, berriro eraso zien euskaldunen lurrei Karlomagno errege franko karolingiarrak eta frankoen aurka altxatu ziren euskaldunak (Orreagako garaipenak, 778 eta 824). Frankoen erresumaren eta laguntzaile izan zuen elizaren eraginez guztiz areagotu zen, VI. eta IX. mendeen artean, hizkuntzari eutsi zioten euskaldunen eta euskara galdu zuten gaskoien arteko bereizkuntza.