Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fosbury, Richard

Estatubatuar atleta (Portland, 1947). Atletismoaren berritzaile handietako bat izan da, jauzi egiteko asmatu zuen teknikari esker. Unibertsitate garaian, futbol amerikarrean aritu zen, eta saskibaloian ere bai, baina garaiera jauzia zuen kirolik maiteena, aparteko emaitzarik lortzen ez bazuen ere. Hala, jauzi egiteko modu berri bat asmatu zuen: ordu arte bezala listoiari aurrez aurre ekin ordez, berak gorantz jauzi egin eta listoia bizkar emanda gainditzen zuen. Jauzi egiteko era horri esker, aise gainditu zuen ordu arteko bere marka hoberena (1,93 m). 1968an National Collegiate Athletic Association-ek antolatutako txapelketa irabazi zuen, eta urte hartan bertan Mexikon ospatzekoak ziren Olinpiar Jokoetan parte hartzera deitu zuten. Bere erara egindako lehen jauzian, jendea aho bete hortz utzi zuen, 2,22 metroak gaindituta. Lehiaketan geratzen ziren atletetatik batek ere ezin izan zuen hurrengo koska (2,24 metro) gainditu, baina Fosburyk hirugarren ahaleginean lortu zuen. Urrezko domina irabazi zuen eta jokoetako errekorra hautsi zuen. Hurrengo urtean berriro irabazi zuen National Collegiate Athletic Association txapelketa. Ezin izan zuen 1972ko Olinpiar Jokoetan parte hartu, eta ez zuen inoiz munduko errekorra hautsi, baina handik aurrera munduko jauzilari guztiek berak asmatutako eran (Fosbury flop) saltatzen hasi ziren.