Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

foru 3

(Lat. forum) iz. Arkit. Antzinako erromatarren artean, herriko plaza nagusia edo azoka egiten zen plaza. Forua herriko kale edo bide nagusiek elkar mozten zuten tokian egoten zen. Leku publikorik garrantzitsuena izan ohi zen; bertan izaten zen azoka eta jendearentzako bilgunea, hura zen erlijiogunea, administraziogunea eta auzitegia.  v  Erromako forua. Etruriarrek finkatu zuten (K.a. IV. mendea), Kapitolioaren, Eskilinoaren eta Palatinoaren artean zegoen sakonune batean. Hasieran, azoka egiteko erabiltzen zen, baina berehala bihurtu zen Erromako gune nagusi, azoka zelako ez ezik, baita arazo politiko eta erlijiosoak han eztabaidatzen zirelako ere. Errege etruriarren garaian, Erregealdian eta Inperioan, eraikuntza bikainak jaso ziren bertan: Tribunak (rostra, hizlariek herriaren aurrean hitz egiteko erabiltzen zuten lekua), Julia basilika, Kuria, Vestalen etxea, Dioskoroen tenplua, Tito eta Septimio Severoren arkuak. Inperioaren garaian, beste foru batzuk egin ziren Foru Nagusiaren iparraldean: Augustoren Forua, eta Trajanoren Forua, bertan zeudelarik Trajanoren pilarea, Trajanoren arkua eta Ulpia basilika. Erromak bazituen beste foru batzuk bereziki merkataritzarako: Forum boarium (abere azoka), Forum Holitorium (barazki azoka).  v  Erromakoaren gisako foruak eraiki ziren Inperioko beste hiri askotan ere: Arlesen, Pompeian, Palmiran, Timgaden.