Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

foru 1

iz. Hist. Hiri batean edo eskualde batean ind arrean dauden usadio eta ohituretan oinarritutako legea. Euskal Herriaren Erdi Aroko banaketa politikoak eragotzi zuen ohitura eta usadioak foru bakar batean biltzea, eta horregatik eskualde bakoitzak berea sortu zuen. Euskal Herriko foruen batasuna Berant Erdi Aroan egin zen: Nafarroa (1234), Araba (1332), Bizkaia (1379), Lapurdi (1514) eta Zuberoa (1520).  v  Erakundeak eta erakundeen eskumena. Foruek burujabetza mugatua eskaintzen zioten eskualde bakoitzari; burujabetza hori Batzar Nagusiek edo Gorteek antolatzen zuten. Eta erakunde betearazlea, Diputazioa, hiru estamentuz osatua zegoen: alde batetik aitonen semeak, bestetik kleroa, eta azkenik herrietako ordezkariak. Foru sistema ezin da alderatu gaur egungo sistema demokratikoekin, zeren benetazko aginpidea oligarkiak baitzeukan eskuetan. Gipuzkoan, esaterako, biltzarkide izateko, behar-beharrezkoa zen gaztelera jakitea, beraz, biztanleriaren gehiengoak ez zuen biltzarkide izateko aukerarik. Foru erakundeek eskumen handia zuten probintzia barruan: administrazioa, bide eraikuntza, herri zaingoa. Bestalde, erregeari ordaindu beharrekoa ordaintzen zioten, eta haien kargu gelditzen zen dirua jasotzea; zergak ezartzeko ahalmena zeukaten erregearen ordezkariei baimenik eskatu gabe. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban Biltzar Nagusiek ahalmena zuten foruarekin bat ez zetozten legeak aztertu eta ezezkoa ala baiezkoa emateko, eta horretarako batzorde aztertzaile bat eratzen zuten. Ahalmen horri Foru Pasea deitzen zitzaion.
 v  Ekonomia. Probintziaka betetzen zen babes berezia zen. Pisuak eta neurriak bateratu egiten ziren eskualde bakoitzean. Merkantziak ekartzeko askatasun osoa zegoen, eta debekatuta zegoen haiek, atzera, kanpora saltzea. Horren ondorioz, barneko kontsumorako gaien inportazioa egin bazitekeen ere, egiazko merkataritza sistema zabal bat eratzea eragotzi egiten zen, eta bere oinarria merkataritzan zuen burgeseriaren hazkundea galerazten zen.  v  Zergak. Madrilgo gobernuak ezin zuen ohiko zerga sistema Euskal Herrian erabili, nahiz eta eskualde guztiek ordaindu behar zioten diru kopuru jakin bat erregeari.  v  Soldaduska. Euskal Herrian, Erregimen Zaharrean soldaduska ez zen nahitaezkoa, barruan guduren bat zenean ezik. Itsas soldaduska, ordea, nahitaezkoa izan zen beti. Erdi Aroan, eta XVI. mendera arte Gaztelako erreinuaren itsas armada auskaldunez osatu zen beti proportzio handi batean.  v  Aitonen semeak. Foruen bitartez, probintziako biztanle guztiak berdinak ziren legearen aurrean, eta probintziatik kanpora nobleen pare jartzen zituen. Hala ere, Euskal Herrian bertan, gizarteak eta ekonomiak forurik gabeko beste eskualdetan bezain apal eta pobre jarraitu zuten.  v  Zuzenbide zibil berezia. Euskal Herri osoan, baina Gipuzkoan eta Bizkaian batez ere, zuzenbide zibil berezi bat eratzen zuten Foruek. Zuzenbide zibil horren ezaugarri nagusia Foruen subjektua —foruduna— familia bere produkzio batasun edo sailarekin batera hartzea zen: produkzio oinarri nagusia nekazaritza zuen gizarte batean, nekazaritzako produkzio batasun ohikoena, hain zuzen: baserria. Foruz araututako lurralde gehienetan bezala, etxeen arabera egiten zen errolda, etxea zen garrantzizko batasuna, eta etxeari lotuta agertzen zen pertsonen nortasuna ere; etxe-jabe ez zen nekazariak ez zuen bozik; etxe-jabeek zuten boza, eliz-gizonekin eta haziz zihoan burgeseriarekin batera.  v  Historia. XIII. mendetik aurrera, erregeen aginduz sorturiko eta, beraz, lege eta pribilegio berri batzuen arabera eraturiko hirien eta lurralde lege zaharrei atxikiriko herrien arteko tirabirek zaildu egin zuten lurraldeetako foru erregimenaren egonkortasuna. Tirabira handiak izan ziren Bilboko eta Bizkaiko herrialdeko instituzioen artean, gorabehera apagoak izan ziren Araban Gasteizko hiriarekin eta Donostiaren eta Gipuzkoako herrialdearen arteko hizkamizkak ez ziren XVIII. mendera arte areagotu. Lapurdiri dagokionez, Biltzarrekin berex jokatu zuen beti Baionako hiriak. XIV. eta XV. mendeetan, ahaide nagusien arteko gatazkek eta guduek zaildu zuten euskal lurraldeetako barne oreka eta, zenbaitetan, eragin berezia eduki zuten foru instituzioetan (oñaztarren eta ganboatarren ordezkarien artean banatu ziren Batzar Nagffusiak). Nolanahi ere, hiri handi eta indartsuenen eta lurraldeen arteko tirabirak sekula amaitu ez arren, foruen aurrean beti mesfidati agertu ziren erregeen erasoak areagotu ziren urteetan zehar, XVII. mende erdialdetik aurrera bereziki. Errege borboitarrak nabarmendu ziren egiteko horretan, XVII. mendetik aurrera Ipar Euskal Herrian eta XVIII. mende hasieratik Hego Euskal Herrian. 1789. urtean Frantziako Iraultzak balio gabe utzi zituen Ipar Euskal Herriko lurraldeetako eskubide historiko guztiak, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa, Basses-Pyrénées izeneko departamendu barnean geratu ziren, Biarnoko lurraldearekin batera. Hego Euskal Herriari dagokionez, 1812ko Cadizko konstituzio liberalak bide gabe utzi zituen Euskal Herriko foruak, eta neurri berberak hartu ziren 1820-1823 urteetan. Geroko gerra karlistetan, Euskal herrian absolutisten aldeko joera nagusitu zen Hego Euskal Herrian, Karlos erregegaiak euskal foruak babestuko zituelakoan. Gerra amaitutakoan, ordean, Espainiako Gorteek izugarri murriztu zituzten euskal foruen ahalmenak (1839ko urriaren 25a).1841ean Foru Pasea kendu zen; 1845ean Espainiako udal administrazioa zabaldu zen Hego Euskal Herrira. Euskal Herriko bigarren gerra karlistaren ondoren, biderik gabe utzi ziren euskal herrialdeetako foruak (1876ko uztailaren 21a), eta Kontzertu Ekonomikoen sistema fiskala geratu zen, haren ondar gisa.