Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Foronda y González de Echávarri, Valentín

Arabako idazle, ekonomialari eta diplomatikoa (Gasteiz, 1751 - Iruñea, 1821). Liberala zen. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko eta Ameriketako Filosofia Elkarteko kidea izan zen. Bergarako Erret Mintegiko katedraduna, kontsul nagusia 1802-1807 bitartean eta Espainiak Estatu Batuekin zituen negozioen arduraduna ere izan zen 1808-1809 bitarteko urteetan. 1809. urtean Espainiara itzuli zen, eta armadako ohorezko intendente izendatu zuten handik urte betera. Cadizko Gorteak onartu ondoren Zentsura Batzordeko kide izendatu zuten Galizian. 1814. urtean Fernando VII.a erregea aginpideaz jabetu zenean atxilo hartu zuten Madrilen eta Iruñera erbesteratu behar izan zuen, Kontratu Sozialaren dotrina politikoak onartzen zituelako salatu baitzuten. 1821. urtean liberalek Gerra eta Itsas Ministerioko Epaitegi Bereziko ministro izendatu zuten. Merkataritza harremanen defendatzaile porrokatua izan zen, eta horrek eragin handia izan zuen Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen norabide aldaketan.