Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

formalismo

iz. Alderdi formalei edo formalduei erabateko garrantzia ematen dion teoria.  v  Mat. David Hilbert alemaniar matematikariak XX. mendean sortutako eskola. Haren arabera, formulak erabiltzeko arauetara muga daiteke osorik matematika, formulen esanahiei erreferentziarik batere egin gabe. Matematiketako sinboloak berak, eta ez haiei eman dakiekeen zentzua, dira pentsamendu matematikoaren oinarrizko objektuak.  v  Art. Gauzak forma geometriko abstraktuetan, berez duten itxuran baino areago, irudikatzea, apaindurak egiteko edo sinbolizaziorako; hedaduraz, eta asmo berberaz, tradizioak forma jakin batzuk eredu bihurtzea. “Estilizazio”-arekin zerikusik badu ere, formalismoak ez du harremanik XX. mendeko arte abstraktuarekin, forma ez figuratiboen antolamendu librea baita hura. Formalismoa, bi zentzuetan, historia osoan zehar izan da; Neolito aroko eskulturetan, Afrika eta Ozeaniako zurezko maskaretan, XX. mendeko joera kubista eta futuristetan etab. Erlijiozko artean nabari da ondo jarrera hau, Bizantzioko irudi hieratikoetan, Errusiako ikonoetan eta Sortalde Urruneko Budaren estatuetan, besteak beste, arau jakin batzuei jarraiki eginak baitira beti. Arkitekturan, Greziako zutabe motak, eta apaindura ereduak garai berrietaraino heldu dira, Errenazimentu eta Neoklasiko garaiko interpretazioen bitartez.  v  Errusiar Formalismoa. Errusiako literatura kritika eskola, XX. mendekoa. Bi talderen eraginez sortu zen: Opoyaz delakoa, 1916an San Petesburgon sortua, Victor Shklovskiren gidaritzapean; eta Moskuko Zirkulu Linguistikoa, 1915an sortua. Bi taldeek erabili zituzten Ferdinand de Saussureren hizkuntzalaritza teknikak. Taldeak lotura handia zuen errusiar futuristekin, eta kritika soziologikoaren kontrakoa zen eskola hau. Formalismoak testuaren autonomia eta literaturak duen hizkuntzaren erabilera besteak ez bezalakoa izatea azpimarratzen zuen; kritika objetiboa eta zientifikoa egitea zuen helburu. Formalistek literaturak, poesiak bereziki, hizkuntza arrunta “arrotz” bihurtzeko duen gaitasuna aztertzen zuten; hala, edukiaren gainetik, formaren eta teknikaren garrantzia azpimarratu zuten. Kritikari marxistak formalismoaren arerio izan baziren ere, eragina izan zuen kritika hark Sobiet Batasunean 1929a arte, urte hartan kondenatu baitzuten bere lanetan ikuspuntu politikorik ez zuelako erabiltzen. Gero, Roman Jakobson hizkuntzalariaren lanari esker batez ere, eragin handia izan zuen Sartaldean, Estatu Batuetako New Criticism delako higikundean batez ere; zenbaitetan formalismo ere deitu izan zaio joera horri.