Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fitero

Nafarroako hegoaldeko udalerria (Tuterako merindadea). Mugak: iparraldean Corella, ekialdean Zentroniko eta Tutera, mendebalean Errioxa, eta hegoaldean Aragoi. Goratasuna 421 m. 42,93 km2. 1998ko datuen arabera, 2.034 biztanle (fiteroarrak). Alhama ibaiak gurutzatzen du udalerria. Hizkuntza, gaztelania. Euskara XVI. mendea baino lehen galdu zen. Nafarroako Foru Erkidegoko Euskararen Legearen ondorioz, Fitero eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusia nekazaritzan (laboreak, barazkiak, mahastiak, ardi azienda; langileen % 48), eta industrian (kontserba eta janari industria, ehungintza; langileen % 38) oinarritua da. Aipagarriak dira bertako bainu-etxeak eta XII. mendeko Santa Maria eliza edo komentu zistertarra, orden horrek Iberiako penintsulan izan zuen lehena.  v  Historia. Antzinako herria da Fitero. Herri bat baino gehiago hartu ditu bere lur eremuan: zeltiberiarren aurretik bi (Lehen Burdin Aroa - K.a. IV. mendea bitartean) eta Erdi Aroan beste bi egiaztatu ahal izan dira. Erromatarren garaiko termak bainu-etxea zaharberritu zenean suntsitu ziren. Erromatarrez gainera,arabiarrek erabili zuten bainu-etxea, XII. mendean Balneum Caracallo izenaz ageri zena. Bainu-etxetik hurbil, gaztelua eta herria zegoen Tudejen (kontzejua Erdi Aroan). Mende bukaeran Fitero (Castellon garai hartan) Nafarroa, Aragoi eta Gaztelaren arteko muga-herria zen, Hiru Erregeen Zedarria delakoan agertzen den bezala. XII. mendearen erdian Gaskoniako Scala Dei-ko hamabi fraide zistertarrek komunitate bat osatu zuten Fiteroko lurretan; Tarazonako (Zaragoza) Raimundo santua izan zen bertako buru. XIV. mendean zehar istilu latzak izan ziren Gaztela eta Nafarroaren artean, bi erreinuon arteko mugak zehaztu behar izan zirenean, alegia. Erlijiosoen komunitatea ere zatiturik zegoen baina, azkenean, Aita Santuaren bitartekaritza zela medio, Fiteroko gaztelua Nafarroaren mende geratu zen. XV. mendearen bukaeran eta XVI. mendearen hasieran herri bat sortzen hasi zen monasterioaren inguruan baina biztanle berriek monasterioko abatearentzat egin behar izan zuten lan, eta bien artean etengabeko auziak izan ziren. XVII. mendean apezpikutegi gisa antolatua zen Fitero eta bertako biztanleek oso zerga garaiak ordaindu behar izaten zizkioten Fiteroko jaurerriko abateari (600 biztanle zituen Fiterok 1664. urtean). XIX. mende hasiera arte ez zuten fiterotarrek monasterioaren mendekotasunetik ihes egin ahal izan (1809) eta 1835. urtean abateak karlisten alde jo zuen, baina haren jarraitzaileekin batera, monasterioa betirako utzi behar izan zuen.