Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Finnbogadóttir, Vigdís

Islandiar politikaria (Reykjavik, 1930). Hauteskunde bidez aukeratutako emakumezko lehen estatuburua da (1980-1996). Frantses filologia ikasi zuen Grenobleko eta Sorbonako unibertsitateetan. Ondoren, Antzerkiaren Historia ikasi zuen, Danimarkan lehenengo eta Suedian gero. Ikasketak bukatu ondoren, Islandiara itzuli zen irakasle gisa aritzeko. Telebistan ospe handia eman zion kultura saio bat aurkeztu zuen. 1972an Reykjavik-eko Antzoki Hiriko zuzendari izendatu zuten. 1980an estatuko lehendakari aukeratu ondoren (hautagai independente gisa), Islandiaren nortasun kulturala eta nazionala sustatu eta zaintzearen alde lan egin zuen. Hamasei urtez egon zen postu horretan. Lehendakari zela, Rio de Janeiron 1992an egin zen Lurraren Goi Bilerara joan zen, eta zeregin garrantzitsua izan zuen bertan. 1996ko hauteskundeetan Olafur Ragnar Grimssonek hartu zuen lehendakaritza.