Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ferré, Gianfranco

Goi mailako moda diseinatzaile italiarra (Legnano, 1944- Toskana, 1993). Arkitektura ikasi arren, modaren munduan sartzea erabaki zuen. Bere enpresa sortu zuen Italian, baina sorterrian arrakasta handia lortu zuela ikusita, Christian Dior Frantziako goi mailako moda etxe ospetsuak kontratatu zuen 1989an. Kontratuak eztabaida eta kritika franko eragin zuen, modako kritikarien ustez estilo nabarmenegia zuelako, azken hogeita hamar urteetan etxe horretako diseinatzaile izandako Marc Bohanen lanekin alderatuta. Ferreren lana klasikoa eta sofistikatua da. Luxuzko ehunak, farfailak eta gorputzari itsatsitako lerroak erabiltzen ditu. Urrezko Titarea saria eman zioten Paco Rabanne lehiakide zuela; sari hori kazetarien nazioarteko epaimahai batek ematen du urtean birritan, denboraldiko bildumarik onena saritzeko. Sari horren bitartez onartua izan zen Ferre Frantziako goi mailako modaren munduan.