Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fernando Va Katolikoa

Aragoiko, Siziliako, Napoliko eta Gaztelako erregea (Sos, Zaragoza, 1452 - Madrigalejo, Caceres, 1516). Aragoiko Joan II.aren eta Joana Henrikezen semea zen. Fernando II.a da Aragoiko eta Siziliako kronologian, Fernando III.a Napolikoan eta Fernando V.a Gaztelakoan. Vianako printzea, bere anaiordea, hil zenean (1461) Calatayudeko Gorteetan Aragoiko oinordeko gisa zin egin zuen eta Siziliako errege izendatu zuen aitak (1468). Gaztelako Elisabetekin ezkondu zen 1469an. Henrike IV.a hil ondoren (1474), Leon eta Gaztelako erregekide izendatu zuten, eta aita hiltzean (1479) Aragoi, Katalunia, Valentzia, Balear Uharteak, Sardinia eta Sizilia geratu ziren bere esku. Gaztelako koroarekin bateratu zituen lurralde horiek guztiak, beren nortasuna gorde bazuten ere. Elisabet eta Fernando erregeek, Gaztelako erregetza zela eta, Portugalgo Alfontso V.aren laguntza zuen Beltraneja menderatu ondoren, bakea jartzeari ekin zioten, eta nobleen aginpidea gutxitu zuten. 1492an Granada hartu eta arabiarrek Hispanian zuten azken erresumaz jabetu ziren. Urte berean, Ameriketako aurkikuntza gertatu zen, eta Errege Katolikoek Espainiatik bidali zituzten juduak. Inkisizioa eta Hermandade Handia sortarazi zituen. Elisabet hiltzean (1504), Fernando Gaztelako erregeordeko egin zen. Nafarroa, Milan aldea, Oran, Bugia eta Tripoli beretu zituen. Foixko Germainekin ezkondu zen berriro eta erregetza Karlos V.a bilobari utzi zion.