Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Feliciano, José

Puerto Ricoko gitarrista eta abeslaria (Puerto Rico, 1945). Jaiotzez itsua da, eta bost urte zituelarik, New Yorkera joan zen bizitzera. Txikitatik hartu zion zaletasuna gitarrari eta, familia utzita, laster hasi zen New Yorkeko musika zirkuituetan rythm & blues erritmo latindarrak jotzen. 1964an argitaratu zituen lehen single eta iraunpen luzeko diskoa, Everybody Do The Click eta The Voice And The Guitar Of Jose Feliciano, hurrenez hurren. Lan horiei esker ezaguna egin zen bere herrian. Hurrengo urteetan, Felicianok gaztelaniaz abestu eta grabatu zuen, eta arrakasta handia erdietsi zuen Hego Ameriketan eta Erdialdeko Amerikan, baita Estatu Batuetako komunitate hispanoan ere. 1968an lortu zuen arrakastarik handiena The Doors taldearen Light My Fire abestiaren bertsioarekin, eta horrela Ameriketako zerrendetako lehen postuetara iritsi zen. 1969an Souled albuma argitaratu zuen, eta bi Grammy sari lortu zituen. Zerrenda ingelesetan lehen postuak galdu ondoren, gaztelaniaz grabatzen hasi zen. Horren ondoren, denboraldi bat eman zuen ezer grabatu gabe, eta laurogeita hamarreko hamarkadan I´m Never Gonna Change (1989, Ez naiz sekula aldatuko), Nina, Tu Inmenso Amor (Zure Maitasun Handia) eta Latin Street `92 grabatu zituen.