Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Falk, Peter

Estatubatuar aktorea (New York, 1927). Aho ertzetik hitz egiteko duen modua eta hiru urte zituela begi bat galdu zuelako duen begirada bitxia dira Falken itxuraren ezaugarri nabarmenenak. Oso ezaguna egin da Colombo telesailean (1971-1977) egiten duen detektibe ez ohikoaren lanagatik. Gizarte Ikerketetan lizentziatu zen 1951n, eta bi urte geroago administrazio publikoko masterra egin zuen Siracusako Unibertsitatean. Connecticut estatuko gobernurako lan egin zuen, 1955ean aktore bihurtzea erabaki zuen arte. New Yorkeko antzokietan hasi zuen aktore karrera, eta 1956an The Iceman Cometh tragedia antzeztu zuen. Aurrerago Broadwayko The Prisoner of Second Avenue komediako protagonista izan zen, 1971n. Falkek 1958an egin zuen zinemarako lehen filma: Wind Across the Everglades. Film ezagunak ditu, halaber: Murder Inc. (1960), Pocketful of Miracles (1961), The Great Race (1965), Castle Keep (1969), The Cheap Detective (1978), All the Marbles (1981), The Princess Bride (1987) eta Tune In Tomorrow (1990).