Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Etxepare, Jean

(«Etxepare mirikua» deitua). Euskal idazlea eta sendagilea (Mar Chiquita, Argentina 1877 - Kanbo 1935). Sei urte zituela etorri zen guraso eta senideekin Euskal Herrira, eta Lekornen jarri zen bizitzen. 1889an Larresoroko Apaiztegian sartu zen; han Abbadie, Hiriart-Urruty eta Larralde izan zituen irakasle eta euskal gaietan maisu. 1894ean Bordelen hasi zen medikuntza ikasten, eta 1901ean eskuratu zuen doktoretza pilotari buruzko ikerketa batekin. Handik urte betera Hiriart-Urrutyk zuzentzen zuen Eskualduna aldizkarian hasi zen artikuluak argitaratzen. Han argitaratutako lan batzuekin liburu bat osatu zuen (1910, Buruchkak), nahiz eta bertan agertzen zituen amodioari buruzko eta eskola laikoen gaineko iritzi aurrerakoiengatik zabalkunde murritza izan. Lehen Mundu Gerra bitartean, eta bere anaia Pierre apaizarekin batera, Eskualdun laborarien almanaka argitaratu zuen, hamar urtez. Gerra lehertu zelarik, soldadu joan behar izan zuen. Gudulekutik bidalitako artikulu sorta bat argitaratu zioten Eskualduna aldizkarian. Gerra ondoren, eta Broussainek bultzatuta, hegoaldeko zenbait jenderekin jarri zen harremanetan. 1919. urtean Euskaltzain izendatu zuten, eta urte luzez izan zen Eskualdunen Biltzarre-ko lehendakari. Orduan hasi zen Gure Herria aldizkarirako ere idazten. Alduden egon zen luzaro sendagile eta gero Kanbora aldatu zen. 1931nn argitaratu zuen bigarren liburua, Beribilez. Bidaia liburu bat da Nafarroan eta Gipuzkoan barrena. Berriki, Piarres Charrittonek bildu, prestatu eta argitara eman ditu Etxepare mirikuaren artikulu guztiak.