Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Estefan, Gloria

Estatubatuar abeslaria, jatorriz kubatarra (Habana, 1957). 1960an Miamira aldatu eta musika ikasten hasi zen. 1980ko hamarraldian lortu zuen ospea, Miami Sound Machine taldeko abeslari gisa, baina bakarka egindako lanarengatik da, batez ere, ezaguna. 1989an grabatu zuen bakarkako lehen diskoa, eta harrezkero grabatutakoekin hainbat sari irabazi ditu; 1994an eta 1996an, esaterako, Grammy sariak eman zizkioten. Dinamismo handiko interpretea da; gaztelaniaz eta ingelesez abesten du, eta bere lanetan erritmo latinoak eta Estatu Batuetako pop musikakoak bateratzen ditu.