Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

eskari

iz. Eskatzea, norbaiti beregandik zer nahi dugun jakinaraztea. || Merkatuan erosi nahi den salgai kopurua.  v  Eskaintza eta eskaria. Ekon. Ekoizleak prezio jakin batean saldu nahiko lukeen ekoizpen kopuruak kontsumitzaileek erosi nahiko luketen ekoizpen kopuruarekin duen erlazioa. Eskatzen den ekoizpen horren kopurua aldatu egiten da prezioaren arabera, kontsumitzaileen diru-sarreren eta gustuen arabera. Analisia egitean prezio desberdinak eta prezio bakoitzean erosiko litzatekeen gehieneko kopurua aztertzen dira. Prezioen eta kopuruen arteko harremana irudi batean ezarri eta eskariaren kurba izango litzateke. Merkatuan eskaintzen den ekoizpen kopurua ez da prezioaren araberakoa soilik, kontuan hartzekoak dira baita ere ordezko gaien prezioak, ekoizpen teknikak, gaiaren ugaritasuna, kostuak… Merkatuaren eginkizunetako bat da eskaintza eta eskariak berdintzea prezioaren bitartez. Erosleen eskaera ugariak gaien prezioak igoaraziko ditu eta urriak jaitsi. Beraz, prezio orekatu baten aldeko joera izango da, era horretan eskaera eta eskaintza berdintzeko. Eskaintza eta eskaeraren analisia merkatuko gaietarako erabiltzen den bezala, zerbitzuetarako, eskulanerako, kapitalerako eta beste ekoizpen alorretarako ere erabiltzen da.