Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

erlatibismo

iz. Fil. Ezagutzaren erlatibitatea onartzen duen filosofia joera. Erlatibismoak egia absolutua baztertzen du, eta ezagutza oro ezagutzailearen beraren eta kanpoko baldintzen eta egoeren araberakoa dela onartzen du. Historian zenbait filosofia joera izan dira erlatibismoa onartu eta zabaldu dutenak; antzina sofistek eta horien artean Protagorak bereziki “gizona gauza guztien neurria da” esaldiarekin, erlatibismoaren baieztapenak berenganatu zituzten. Positibismoak, neokritizismoak eta pragmatismoak ere bide horretatik jarraitu zuten. Pragmatismoaren barruan Schiller izan zen erlatibismoaren aldekoena; Protagorasen esaldi horretan filosofiak egindako aurkikuntzarik handiena ikusi zuen hark. XIX. mendeko filosofian enpirismo zientifikoa eta positibismoa dira erlatibismoaren adierazpen argienak, Kant eta Auguste Comte dira horien artean nagusiak.