Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Erentxun, Mikel

Gipuzkoar musikaria. (Acosta-Venezuela, 1965). Oso gazterik Donostian hartu zuen bizilekua. 1982an hasi zen musikan Los Aristogatos izeneko taldearekin. Beste hainbat taldetan artiu ondoren, ordu arte Daltons taldean zebiltzan Diego Vasallo eta Juanrarekin batera Duncan Dhu taldearen sortzaile izan zen. 1992an Naufragios izeneko bere bakarkako lehen lana kaleratu zuen. Ordu arte Duncan Dhuk alboratutako kantuak eta berak sortutakoak osatzen zuten diskoa. Duncan Dhuren hamargarren urtemuga zela-eta, disko bat kaleratu zuen taldekideekin batera eta bakarkako zereginetara itzuli zen 1995ean, El abrazo del erizo lanarekin. Disko hori ez zen aurrekoak bezain komertziala, berritzailea izaten saiatu zen oraingo honetan. 1998an kaleratu zuen Acróbatas diskoan guztiz nabarmena da Erresuma Batuan emandako denboraldiaren eragina. 2000. urtekoa da bere laugarren diskoa, Te dejas ver. Horretan, hasierako musika eta giro gozoetara itzuli da. Arrakasta handia lortu du Mikel Erentxunek Ameriketako Estatu Batuetan ere, eta bertan, Siete años izenburupean, bere bakarkako lanaren bilduma-edo izan daitekeen diskoa kaleratu zuten 2000. urtean.