Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ereño

Bizkaiko ipar-erdialdeko udalerria (Busturialdea). Mugak: iparraldean Ibarrangelua eta Ea, ekialdean Ipazter eta Nabarniz, mendebalean Arteaga eta Kortezubi, eta hegoaldean Nabarniz eta Kortezubi. 10,72 km2. 1997ko datuen arabera, 263 biztanle (ereñarrak). Auzoak: Akorda, Bollar, Atxoste, Basetxea, Elexalde (herriburua), Zea eta Gabika. Euskara, bizkaiera; hizkuntza banaketa 1996an: 249 euskaldun, 12 ia euskaldun eta 5 erdaldun. Langile gehienek nekazaritzan eta inguruko lantegietan dihardute lanean. Aipagarriak dira X. mendeko San Mikel eliza, San Mikel Ereñozarrekoaren ermita eta XVI. mendeko Gabikako San Joan eliza.  v  Historia. Historia aurreko aztarnategi ugari aurkitu da Ereño aldean. Ereñozar edo Ereñusurre mendiaren ondoan daude Santimamiñeko leize ospetsuak, baita Sagastigorri, Atxondo eta Elesu izenekoak ere. Geranda edo Arizti mendian Ereñuko Arizti izeneko aztarnategia dago orobat. Ereñoko lehen herria Ereñozar-San Migel eliza parrokiaren inguruan eratu zen, gotorleku modura. Ondoren, Busturiko merindadeko elizatea izan zen.