Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Erbakan, Necmettin

Turkiar politikaria (Sinop, 1926). Lehen Ministro izan zen 1996-1997 urte bitartean. Erbakan izan zen 1923an Errepublika aldarrikatu zenetik Turkian agintzen zuen lehenengo musulmana. Istanbuleko Unibertsitate Teknikoan ikasi zuen, eta bertako irakasle izan zen. 1952. urtean doktore egin zen Ingeniaritza mekanikoan Akisgrango (Alemania) Unibertsitatean. 1969an irakaskuntzaren mundua utzi zuen Legebiltzarreko kide hautatu zutenean Konya-ko hautagai independente gisa. Handik urtebetera Ordena Nazionalaren Alderdia sortu zuen. 1971n lege martziala adierazi zenean, gobernuak Ordena Nazionalaren Alderdia deuseztatzea agindu zuen, alderdi hark erlijioa helburu politikoetarako erabiltzen baitzuen gobernuaren arabera. 1972an Salbazio Nazionalaren Alderdia sortu zuen. Alderdi horretako kide gisa Lehen Ministrorde izan zen hiru gobernualditan (1973-1978). Estatu kolpe militarraren ondoren Erbakanaren alderdia deuseztatzea agindu zen 1980an, ibilaldi bat antolatu zuelako islamiar legea ezartzearen alde; hamar urtez politikatik kanpo egon behar izan zuen. 1987an Ongizatearen Alderdiko buruzagi izan zen. 1995eko hauteskundeetan Turkiako alderdi nagusia izan zen. Oposizioko alderdiak saiatu ziren Erbakan aginpidetik kentzen, Erbakanak Tuikiako gobernu laikoaren ordez ordena soziala islamiarra ezarriko ote zuen beldur baitziren. Hala, 1997an dimititu egin behar izan zuen gudarostearen presioak zirela-eta. 1998an Erbakan bost urtez politikatik kanpo egotera kondenatu zuten, Estatu laikoaren kontra egiteagatik.